XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bahoa zuzen aterantz eta berriro deitu bapatean: A, ez ahaztu txostena medikuntza orokorrekoari entregatzea, medikuntza pribatura jo nahi ez baduzu behintzat.

Oraindik zergatik jakin gabe ere, eta ausardia pitin bat demostratzeko gai izanik, zuzen-zuzen galdetu diok: Eta baja laborala emango al didate?

Hori ere berari eskatu erantzun dik, nahiko zakarki.

Eta beti gauza berberaz ahazten direlako konbentzimenduaz atera haiz kontsultatik, eta kalean zehar bost minutu ibili arte ez diok hartu azken uneetan gertatutakoari benetako neurririk:

Hau minbizia duk eta Jesukriston korapiloa egin zaik eztarrian, eta etxerako bide osoan zehar ez haiz kapaz izan ezer ahoskatzeko, ez eta malko txikiena isuritzeko ere.

Doazela popatik hartzera!!! oihukatu duk kanpoko atea itxi bezain laster, eta orduan bai, negarrari eman diok, begiak gorrituta, burua zorabiatuta eta sudurra eta eztarria ia ipurzuloa bezain minduta utzi arte.

Baina apur bat lasaitu haizenean, lehenengo uneko negargureari baino beste sentsazio sakonagoak, mingarriagoak jarraitu dio: bizitzaren porrota, nonbait hutsune handia eta konponezina, beste gizaki normalak baino makalago, gutxiago haizelakoa... eta bapatean gainera, duela hiruzpalau urte atzekaldetik izandako zenbait esperientzi bitxiz oroitu haiz, zeintzuetan sekulan ez pentsatzeko agindua aspaldian emana hion heure buruari.

Eta larridurazko une horretan, ezbaigabe jo dituk oraingo gaitz guztien zio eta motibo, pekatari handiek infernuaren atarian sentitzen omen duten bezalako pisuak lepoa eta urdaila gero eta estuago estutuz.

Baina pixkanaka-pixkanaka guzti horren zentzugabekeriak ohartu, eta heure baitako zihurtasuna hasi haiz berreskuratzen, zorionez:

Tontolapikorik handiena hago egina, minbizia ez baita kutxagarria.

Hiesarekin nahastu duk, motel, bata eta bestea zeharo desberdinak direla erreparatu gabe.